XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arratsaldeko zazpiak ziren eta Estebe plazara zihoan.

Nahiko mutil indartsua zen, altu baino gehiago bajua, soin onekoa, buru handi gorri-argia zenbait ile errubioekin, aurpegia eguzkiak beztua eta haizeak gorritua sudur-belarrietan batez ere, bekain hori hertsiak, begi urdin nekatuak baina sakonezko diztira batek piztuak, sudur luzea masail zabaletan, aho fin isila, kokotz tinko, lepo sendo, beso luze, zango arin.

Zertan izanen zen besta?, hasi gabe segurrena, berak zekiela deusik ez zegoen zortzirak arte; alkondararen esku-muturrak ikusten zituen ongi xurituak, bero zegoen gero, tolesten zituen ukondoaren gainetik, alkondara garbia eta galtza urdin garbiagoak zeramatzan, zapata distirantak pozik.

Bidearen bi aldeetan zeuden etxeetako leihoetatik agertzen ziren emakumeei agurra ematen zien, apain jantzitako umeei zimiko egiten zien ipurdi-lepotan, txakurrei xixtuka, eta denek erantzuten zioten.

Giro ezin hobea izanen zuten afaritako; eguzkiak, indarrik gabe baina, kolore politez estaltzen zituen mendietako belardiak eta bide bazterreko lore sortak; orobat, horma batzu xuri-xuriak agertzen ziren oraindik, nahiz eta gehienak gerizpe atseginean zeuden.

Aita nola gelditu zitzaion etxean! Azkenean deus erran gabe atera behar ukan zuen, biharko haserrea ere berealdikoa, zorionez besta zen guztiari izugarrizko gorrotoa zion eta ez zen egungo bestan agertuko bestela!

Amasoa hospitaletik ekarriko al zuten lehenbailehen, zeren bera etxean zegoelarik aita kanporatzen zen sarriagotan eta bakeago zegoen.